Jokoa Arautzeari buruzko maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen (JAL, aurrerantzean) ondorioetarako, joko-jarduera da diru kopuruak edo ekonomikoki ebaluagarriak diren objektuak neurriren batean zoriaren arabera arriskatzen direna, etorkizuneko eta zalantzazko emaitzen gainean, horiek parte-hartzaileen artean eskualdatzeko aukera emanez, alde batera utzita joko horietan nagusitzen dena jokalarien trebetasun maila edo soilik edo funtsean zortearen, enbidoaren edo zoriaren mendeko dena izatea.
Hortaz, bada, jarduera bat JALen aplikazio esparruaren mende geratzeko, hiru elementu hauek bildu behar ditu aldi berean:
1. ORDAINTZEA parte hartzeagatik. Ordain truke parte hartu behar da.
Beraz, ausazko joko-jardueraren kontzeptutik kanpo geratzen dira joko-jardueraren beste bi elementuak bildu arren doan egiten direnak.
2. ZORIA emaitza zehaztean.
Diru kopuruak edo ekonomikoki ebaluatzeko modukoak diren objektuak arriskatzen diren gaineko emaitza etorkizunekoa eta zalantzazkoa izan behar du, eta zoriaren mende egon behar du neurri batean. Ausazko joko edo jarduera bakoitzaren arauek zehaztuko dute zein unetan uzten den emaitza zoriaren mende.
Nolabaiteko neurri batean zoria emaitzen zehaztaile ez duten jarduerak ez dira joko-jardueratzat hartuko (adibidez: ad hoc eta jarduera burutu aurretik izendatutako epai-mahai baten balioespenaren ondoren ematen den saria).
3. SARIA parte-hartzaile irabazlearentzat.
Joko-jarduera batean irabazle izatearen ondorioa izaten da dirua edo ekonomikoki ebaluagarria den objektua parte-hartzaile irabazlearen ondarera eskualdatzen edo pasatzen dena. Sariok diruzkoak edo gauzazkoak izan daitezke, joko-modalitatearen arabera. Saririk ez bada, ez dago ausazko joko-jarduerarik.