Joko-lizentziak

JOKO-LIZENTZIAK EMATEKO PROZEDURA

Ohiko jokoak ustiatu eta antolatzeko lizentzia orokorra behar da, antolatu, merkaturatu eta ustiatu nahi den jokoaren modalitatearen arabera: “Apustuak”, “Lehiaketak” edo “Bestelako jokoak”. Zerrenda horretatik kanpo gelditzen da “Loteria” modalitatea; izan ere, estatu mailako loteriak legez hautatutako operadoreen eskumena baino ez dira izango, alegia, Estatuko Loteria eta Apustuen Elkartearena (S.M.E.) eta Espainiako Itsuen Erakundearena (ONCE).

Halaber, lizentzia orokorrarekin batera, lizentzia berezia ere beharrezkoa da joko-operadoreak antolatu, merkaturatu eta ustiatu nahi duen joko motaren arabera. Beraz:

 

Lizentzia orokorrak: apustu, lehiaketa eta bestelako jokoen modalitatean lan egiteko gaitzen dute titularra. JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ) ematen ditu lizentzia horiek, prozedura administratibo baten deialdia egin ondoren. Prozedura horrek publizitate, lehiaketa, berdintasun, gardentasun, objektibitate eta bazterketa ezaren printzipioak jarraituko ditu, deialdiaren oinarriek bildu bezala. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, interesdunak hala eskatuta ere abiarazi daiteke prozedura. Kasu horretan, JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ) sei hilabeteko epea izango du prozedurari hasiera emateko, betiere interes orokorreko arrazoiengatik deialdia ez irekitzea erabakitzen ez bada.

10 urteko iraupena izango du, eta beste 10 urtez luza daiteke.

 

Lizentzia bereziak: lizentzia orokor bakoitzak arautu eta biltzen dituen jokoak ustiatzeko gaitzen dute titularra. Hortaz, lizentzia orokorra duten operadoreek bakarrik eska dezakete lizentzia berezia. JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ) ematen ditu lizentzia horiek, helburu horretarako aplikatuko den araudiaren arabera.

Iraupena urtebetekoa izango da gutxienez, eta bost urtekoa gehienez. Iraupen berdina gehituta luza daiteke epea. Lizentzia orokorra galduz gero, hari lotutako lizentzia bereziak ere galdu egingo lirateke.

 

JOKO-LIZENTZIA LORTZEKO BALDINTZAK

Lizentziak emateko prozedurak oro har ez du emandako lizentzia kopurua mugatuko. Haren helburua da eskatzaileek indarrean dagoen araudiak eta deialdiaren oinarriek biltzen dituzten baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea. Baldintzak hainbat eratakoak izango dira: juridikoak, ekonomikoak, finantzarioak, softwarearen segurtasunari eta fidagarritasunari buruzkoak, joko-jarduera garatzeko operazio eta transakzioei lotutakoak, joko arduratsua sustatu eta adingabeak babesteko politiken ingurukoak edota iruzurraren eta kapitalak zuritzearen aurkakoak, betiere legeak eta lizentziak emateko ereduaren garapen araudiak erakusten duten izaerari jarraituta.

 

  1. Baldintza juridikoak:
    1. Sozietate anonimoa edo antzeko elkarte mota, helbide soziala Europako Eremu Ekonomikoko estatu batean duena.
    2. Helburu sozial bakarra jokoak antolatu, merkaturatu eta ustiatzea izan beharko da.
    3. Gutxieneko kapital soziala (guztira eta ordainduta) 100.000 eurokoa izan beharko da "Apustuak" edo "Bestelako jokoak" modalitateetako lizentzia orokorrak eskatzeko. "Lehiaketak" modalitateko jokoak garatzeko lizentzia orokorra eskatzen denean, berriz, kopuru hori 60.000 eurokoa izan beharko da.
    4. Merkataritza Erregistroan izena emanda egotea, edota, atzerriko sozietateen kasuan, erregistro baliokide batean, betiere sozietateak egoitza legala duen estatuko legeak bertan izen ematera derrigortzen badu.
    5. Joko-lizentzien Erregistro Orokorreko Lehiakideen Atal Berezian izena emanda egotea.
    6. Jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea.
       
  2. Baldintza ekonomikoak:
    1. Sozietatearen kaudimenari buruz erakunde finantzarioek adierazpen egokiak egitea.
    2. Merkataritza Erregistroan edota dagokion erregistro ofizialean urteroko kontuak aurkeztea.
    3. Azken hiru ekitaldietako negozio bolumen osoari buruzko adierazpena.
    4. Norberaren eta besteen baliabide finantzarioen deskribapena eta jatorria.

      Hala ere, JAZN-k (gaztelaniaz, DGOJ), justifikatutako arrazoiengatik, eskatzaileari baimena eman diezaioke haren kaudimen ekonomiko eta finantzarioa egokitzat jotzen duen beste dokumentu baten bitartez frogatzeko.

  3. Baldintza teknikoak:
    1. Langile teknikoen egitura azaltzeko adierazpena.
    2. Lizentzia behar duten joko-jarduerak garatzeko ardura duen erakundeko zuzendarien lan-esperientzia.
    3. Azken hiru urteetan erakundeak izan duen urteko batez besteko langile kopuruaren adierazpena.
    4. Lizentzia behar duten joko-jarduerak garatzeko erakundeak izango dituen sistema teknikoak zeintzuk diren azaltzeko adierazpena.
    5. Instalazio edo unitate teknikoen deskribapena, baita kalitatea eta segurtasuna bermatzeko neurriena ere. Hala balegokio, aztertzeko eta ikerketak gauzatzeko enpresak dituen baliabideak ere deskribatu beharko dira.

 

LIZENTZIA LORTZEN DUTENEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

Ohiko jokoak garatzeko lizentzia eskatzen duten erakundeek bete behar dituzten baldintzei, bestelako eskubide eta betebeharrak gehitzen zaizkie lizentzia eskuratzen dutenean. Eskubideek joko-jarduera estatu mailan garatzeko aukera bermatzen dute, emandako lizentzien arabera.

Betebeharrak hainbat taldetan sailka daitezke: ekonomikoak, teknikoak eta jokoaren kudeaketa arduratsuari buruzkoak.

 

Betebehar ekonomikoak:

  • Jokoa arautzeko jarduerak sortzen dituen tasak ordaintzea.

 

Betebehar teknikoak:

  • Webgune espezifiko bat sortzea, «.es» domeinuarekin
  • Joko-operadorearen jabetzakoak diren edo honek, bere enpresa nagusiak edo filialek kontrolatzen dituzten webguneetara («.es» ez den domeinu bat dutenak) gauzatzen diren konexio guztiak, Espainiatik nahiz beste herrialdeetan Espainiako erabiltzaile-kontuetatik eginak, «.es» domeinudun webgune espezifikora birbideratzea.
  • Sistema teknikoak homologatzea
  • Parte-hartzaileak identifikatzea
  • Parte-hartzeko debeku subjektiboak kontrolatzea (kontsultatu JSIEO; gaztelaniaz, RGIAJ)
  • Erabilitako ausazko zenbakien sortzailea benetan ausazkoa izatea
  • Joko-sistema teknikoen segurtasun baldintzak
  • Joko-operazioen trazabilitatea eta erregistroa bermatzea
  • Joko-operazioak eta transakzio ekonomikoak bildu eta erregistratuko dituen barne kontrol-sistema abiaraztea. Sistema horrek Espainian egon beharko den biltegi bat eduki beharko du.
  • Ikuskatze-lanak egiten dituzten langileak sistemara konektatzeko baimena ematea, beharrezkoa izanez gero eta bertatik bertara ikuskatze-lanak egiteko aukera mantenduta.

 

Joko arduratsuaren kudeaketari lotutako betebeharrak:

  • Jokoen zuzentasuna eta segurtasuna ziurtatzea; horretarako parte-hartzea, zozketa eta ekitaldien gardentasuna, sarien kalkulua eta ordainketa eta funtsen erabilera profesional eta arduratsua bermatu behar dira.
  • Parte hartzeko eskaera behar bezala bideratzea.
  • Gizarteari egin ahal zaizkion kalteak murriztea, besteak beste, legez kanpoko jokoari eta hari lotutako delitu-jarduerei aurre egitea.
  • Kapitalen zuritzea prebenitzeko ardura duten autoritateekin era aktiboan lan egitea, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

 

PROZEDURAREN AMAIERA

Lizentziak emateko prozedura Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren (gaztelaniaz, DGOJ) titularrak egindako Ebazpenaren bidez amaitzen da, eskaera aurkeztu zen egunetik 6 hilabetera gehienez ere. Epe hori luzatzea posible da, interesdunak bitartean denbora gehiago behar izan balu deialdiaren baldintzak betetzeko. Ebazpena hartu eta gehienez ere hamar egunera eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, eta Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren (gaztelaniaz, DGOJ) webgunean ere argitaratuko da. Epe hori pasa ostean eskaerari buruzko ebazpenik jakinarazten ez bada, ebazpena emantzat joko da.

Edonola ere, lehenik eta behin joko sistema teknikoen behin betiko homologazioa lortu beharko da gero lizentzia jasotzeko, dagokion lizentzia emango dela jakinarazten den egunetik 6 hilabetera gehienez ere.

 

AZKEN DEIALDIAREN EGOERA

Joko-lizentziak emateko deialdira (EHA/3124/2011 Agindua. "Apustuak", "Lehiaketak" eta "Bestelako jokoak" modalitateetan joko-jarduerak garatu eta ustiatzeko lizentzia orokorren deialdia arautuko duten oinarriak onartu zituen agindu horrek. 2011ko azaroaren 18ko E.A.O. eta 2011ko azaroaren 12ko Ebazpena, Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiarena (gaztelaniaz, DGOJ). Lizentzia bereziak eskatu eta emateko prozedura xedatzen du ebazpen horrek) 59 sozietate aurkeztu ziren, eta 98 lizentzia orokor eta 202 lizentzia berezi eskatu zituzten; guztira 300 lizentzia, alegia.

Deialdi horren ebazpenaren emaitza hau izan zen: 93 lizentzia orokor eman ziren "Apustuak", "Lehiaketak" eta "Bestelako jokoak" modalitateetarako, eta 189 lizentzia berezi hainbat jokotarako. Guztira 282 lizentzia eman zitzaizkien 59 sozietate eskatzaileetako 55 erakunderi.

Esan beharra dago, halaber, interesdunek hainbat joko ustiatu eta merkaturatzeko lizentzia orokorrak jasotzeko prozedura berri baten deialdian parte har dezaketela, joko modalitate bereko aurreko deialditik gutxienez 18 hilabete igaro direnean.