Helburu bakartzat produktu edo zerbitzu baten publizitatea edo promozioa egitea duten zozketak, eta saria dirutan, jenerotan edo zerbitzutan ematen dituztenak. Kontraprestazio bakarra produktua edo zerbitzua kontsumitzea izango da (gainprezio edo tarifa gehigarririk gabe), eta baldin badagokio, publizitatea edo promozioa egiten duen erakundearen bezero izatea baldintzatzat jar dezakete.
Helburu publizitario edo komertzialak dituzten ausazko konbinazioak Jokoa Arautzeko Legearen aplikazio esparrutik kanpo daude, Joko-jardueren gaineko zergaren inguruan xedatutakoa salbu. Beraz, ez da inongo lizentzia edo baimenik behar izango, ezta aurretik Joko Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiari (gaztelaniaz, DGOJ) jakinarazterik ere. Hortaz, merkataritza zuzenbidearen eta zuzenbide zibilaren arau orokorren menpe egongo da jarduera hori.
ZERGA-ERREGIMENA
Hala ere, helburu publizitario edo komertzialekin ausazko konbinazioak egiten dituzten pertsona fisiko zein juridikoek joko-jardueren gaineko Zerga ordaindu beharko dute, 13/2011 Legearen 48. artikuluak xedatzen dituen baldintzekin eta karga-tasarekin bat etorriz. Tasa hori parte-hartzaileei eskaintzen zaizkien sari edo abantailen merkatuko balio osoaren %10ekoa izango da.
Zerga hori kudeatu, eskatu, likidatu eta ikuskatzea Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren lana izango da.
Halaber, helburu publizitario edo promozionalekin ausazko konbinazioak egiten dituzten pertsona fisiko zein juridikoek atxikipen edota diru-sartzeak egin beharko dituzte Altxor Publikoan derrigorrez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga gisa egindako ordainketa modura , zerga horretarako momentu bakoitzean indarrean dagoen araudiak saridunari eragiten dion moduan.